Ken Zazpi
Jon Mikel Arronategik eta Eñaut Elorrietak sortu zuten Ken Zazpi, 1996ko udazkenean, Gernikan (Bizkaia). Biak herriko beste bi talde ezagunetan aritzen ziren orduan, Exkixun eta Lugarrin, hurrenez hurren. Gor disketxearen Aurtengo gorakada bildumaren lehen aleak eman zuen Ken Zazpiren berri 1997an, “Bi eta bat” abestiaren bidez. Baina 2000. urtera arte ez zioten taldeari behar bezalako arreta eskaini. Orduan gainontzeko taldekideak batu ziren -Igor Artzanegi (baxua), Beñat Serna (gitarra), Iñaki Zabaleta (teklatuak) eta Jon Fresko (bateria)- eta lehenengo maketa grabatu zuten Muxikan (Bizkaia), Iñaki Uoho Platero y Tú taldeko gitarristaren estudioan eta Jose Alberto Batizen (Akelarre, Tapia eta Leturia Band, Fito y los Fitipaldis…) laguntzarekin.