Pernando amezketarra
- Autorea(k): Xabier Lete
Lagun on batek enkargatu dit
bertso berriyak jartzeko,
neronek ere badet gogua
aren itza mantentzeko:
auek izango dira Fernando
Amezketarrarentzako
festa-denboran kanta ditzagun
tristura denak kentzeko.
Tolosa aldera maiz bajatzen zan
deus gutxiren aitzakiyan
ostatu zarrak bisitatuaz,
ango berri baizekiyan;
usai gozua zegon tokitik
nekez joango zen plakiyan,
bertso ederrik kantatzen zuen
allegatzen zan tokiyan.
Bederatzi seme-alabarekin
bere emazte ta guzi
ez da euskaldun abillagorik
sekulan iñon ikusi;
ardi batzuek baituagatik
nekez joango zan igesi,
juezetara deituta ere
askotan bera nagusi.
Bein juez batek otsegin ziyon:
“Atoz, amigo maitia,
zurekin itz bi egin biaitut,
sillan eseri zaitia.
Kostako zaizu oraingo teman
irabazi ta joatia”.
Erantzun ziyon: “Bai bedorri-re
ez dan tokitik jatia”.
Bein praile zar bat etorri zen da
zorrotz artu ziyon kargu:
“Errota-arriyak zerutik bera
zenbat denbora bear du?”
Pernando zenak erantzun ziyon:
“Jauna, ez noski bi ordu”.
Arro etorri zitzaiyon baiño
laister aurretik bialdu.
“Zenbat denbora biar lukian
orain nua esatera,
errota-arriya prailia balitz
konparaziyo batera:
gaur amaiketan botia balu
Jainkuak zerutik bera
amabitako etorriko zan
bikariyuen atera”.
Pernando nola bizitzen baizen
bikariyuen auzuan …
egun batian abisatu ta
etxera ekarri zuan,
biyok izketan egondu ziren
ordu bete bat osuan
txerriya il da partiziyua
nola guardatuko zuan.
Ta esan ziyon: “Pernando, laster
il bear degu txerriya,
baiña badago nere barrenen
kezka bat izugarriya:
igaz nundik-nai etorri zaigu
odolkiya ta urdaia,
orain ordaiñak partitzekotan
besterentzat det erdiya”.
Erantzun ziyon: “Il beza, jauna,
neri esan didan gisan,
baiña odolko gutxi partitu,
ez bedi tontua izan …
gero balkoian jarri bear du
jendiak ikusi dezan,
gaberdirako barrena sartu
ta ostu diyotela esan”.
Kriara laister bialdu zuben
arakiñaren galdian,
il ta balkoain ipiñi zuten
ta odolkiak baldian;
Pernandok berak eraman ziyon
gaueko amarrak aldian,
apenas asko partitu zuben
Amezketako kalian.
Pernandok berak eraman ziyon
gaueko amarrak aldian,
apenas asko partitu zuben
Amezketako kalian.
(Jose Manuel Lujanbio “Txirrita”)