Izarren hautsa (abotsbakoa)

Izarren hautsa egun batean bilakatu zen bizigai,

hauts hartatikan uste gabean noizpait ginaden gu ernai.
Eta horrela bizitzen gera sortuz ta sortuz gure aukera,
atsedenik hartu gabe: lana eginaz goaz aurrera,
kate horretan denok batera gogorki loturik gaude.

Gizonak ba du inguru latz bat menperatzeko premia,
burruka hortan bizi da eta hori du bere egia.
Ekin ta ekin bilatzen ditu, saiatze hortan ezin gelditu,
jakintza eta argia; bide ilunak nekez aurkitu,
lege berriak noizpait erditu, hortan jokatuz bizia.

Gizonen lana jakintza dugu: ezagutuz aldatzea,
naturarekin bat izan eta harremanetan sartzea.
Eta indarrak ongi errotuz, gure sustraiak lurrari lotuz,
bertatikan irautea: ezaren gudaz baietza sortuz,
ukazioa legetzat hartuz beti aurrera joatea.

Ez dadukanak ongi ohi daki eukitzea zein den ona,
bere premiak bete nahirikan beti bizi da gizona.
Gu ere zerbait bagera eta, gauden tokitik hemendik bertan
saia gaitezen ikusten: amets eroak bazterturikan,
sasi zikinak behingoz erreta, bide on bat aukeratzen.

Gu sortu ginen enbor beretik sortuko dira besteak,
burruka hortan iraungo duten zuhaitz-ardaxka gazteak.
Beren aukeren jabe eraikiz ta erortzean berriro jaikiz
ibiltzen joanen direnak: gertakizunen indar ta argiz
gure ametsa arrazoi garbiz egiztatuko dutenak.

Eta ametsa bilakaturik egiaren antziduri,
herri zahar batek bide berritik ekingo dio urduri;
guztian lana guztien esku jasoko dute sendo ta prestu,
beren bizitzen edergai; diru zakarrak bihotzik ez du,
lotuko dute gogor ta estu, haz ez dadin gizonen gain.

Erlazionatutako beste karaoke batzuk

Scroll to Top