Asaba zarren baratza
- Autorea(k): Antton Valverde
http://www.txantxangorria.eus/
https://www.youtube.com/user/Euskalkaraokeak
Euskal musikaren txokoa karaoke formatuan.
Basque music
Asaba zarren baratza,
untza dun ormek esia,
eguzkiak len maitea …
otzaldi zoro baten itzuli
yoka nagokik atea.
Yoka nagokik atea,
ate gorri, zurezkoa,
euri zarrek usteldua,
marraskiloek bide biurri
dirdaitsuek apaindua.
Bai-bainun amona xar bat
zazpi begiko baratzai,
deadarkari yayoa
marrubi-lapur nenkusanetan …
bizi ote dut gaixoa?
Belar gaiztoak yan ditu
nire bidexka izkutuak …
ale bakanak dakartzi
bide gañeko mastiak eta
ortziak peitu du iguzki.
Urte yoanen zitala!
zuek zarpildu itzalia
lenera nork lekardake?
Zabal-naroa nuen baratza
gaur ain estu, gaur ain gabe!
Baratz erdian dut arki
amona: alderoka dator,
begi galduak nora-nai …
Eriotzak dakar besa-lagun,
bere buruz ezpaita gai.
Errukarri! Lausorik du
gizargia begietan …
Non-nai aldiaren sitsa!
Zuka, zoroki, mintza zitzaidan,
zaldun arrotza bai nintza.
Laztan dut. Bera arrituta,
begi-begira dagokit.
Gero geldiro: “Nor zaitut?”
Euskeraz ark niri galdegiña
goguan besterik ez dut!
Ta asi zan biraka berriz,
il-zarrei oska negarrez,
eriotzaren egarri …
Bizitzearen ondar-aleak
larraiñean eultzen ari!
Ta, ara, bidean, baldarño,
mutiko bat guregana:
ark birbilloba, nik seme.
Ikus amonak, bertan gelditu,
ta aren eztizko irriparre!
Lena zegoen orañaz
ele gozoka, bitzuok
mintzo-beraz ziarduten.
Ene asaben lokarri zarra
yaunari zor etzan eten!
Ordun eguzkiz yantzi zan
asaba zarren baratza,
ordun zuaitzak igaliz,
ordun baratza leneratu zan
mugak berriro zabaliz.
Ta len ikusi-gabeko
zuaitz berri bat zegoan
erdian, guzien buru …
aren gerizak erri-baratzak
ezin-ilkor egin ditu.
Nire Tabor-mendi, nire
baratz zarraren antzalda!
egi, mami, biur adi!
Lenaren muñak aldatu beza
baratz zarra baratz berri!
(J.M. Agirre “Lizardi” / A. Valverde)