Aldaketarik aldaketa

Larru berrituz dator
sugegorri hori.
Ilea urdindu zaio
atso zaharrari
Egunik egun datoz
egunak aldatuz,
biharrak gaurtzen eta
etziak atzotuz.
Eguzkiak badoaz
ilargiak heldu,
eguna amaitzean
gaua da zabaldu.
Itsasoan gora ta
behera mareak
Bidaztiak sarritan
aldatzen bideak
Aldatzen da mundua
aldatzen norbera
aldatzen erantzuna
aldatzen galdera.
Den dena da aldatzen
ez bada momia
Aldatzen da azala
aldatzen mamia
Mundu honetan dena
sortzen da aldatzeko
Ni ere aldatzea
ez da harritzeko.
Erabat aldatu naiz
hamaika urteotan
Baina ez da aldatzen
zerbait ene baitan.

Scroll to Top