HESIAN

HESIAN

Sakanan (Nafarroa) sortutako taldea da Hesian. Musika indartsua eta bizia jorratzen du, haizeekin eta neska-mutil ahotsekin hornituriko pop-rock eta punk-rock melodikoaren eremuan. Abestietan hitz sakon eta konprometituak zabaltzen ditu, borrokalariak, esanahiez beteak eta itxaropentsuak, iluntasunean argia bilatzen dutenak.

1 Agortu dira hitzak Hesian
2 Amets bat Hesian
3 Begira nazazu Hesian
4 Behar zaitut Hesian
5 Esaidazu Hesian
6 Euskal Herriak autodeterminazioa Hesian
7 Ez etsi Hesian
8 Ezin ahaztu Hesian
9 Guregatik Hesian
10 Noiz itzuliko zara Hesian
11 Olatu berdea Hesian

40 MinutuRock   Hegalak astinduz  Zuzenean. Hemen eta orain    Hala Bedi irratia 30 urte kolpez kolpe! (Askoren artean)

Musika indartsua eta bizia, haizeekin eta neska-mutil ahotsekin hornituriko pop-rock / punk-rock melodikoa. Hitz sakonak eta konprometituak, borrokalariak, esanahiez beteak eta itxaropentsuak, iluntasunean argia bilatzen dutenak. Horixe da Hesian.

2006ko udaberrian ekin genion proiektu honi Etxarri Aranatzeko (Nafarroa) entsegu lokal batean, Rancid, Blink 182 edota No use for a name bezalako taldeen bertsioak eginez eta poliki-poliki, gure kantu propioak sortzen. Uda hartan bertan, gure lehenengo kontzertua eskaini genuen Etxarriko gaztetxean. Ordutik hona, 400 kontzertu baino gehiago eman ditugu Euskal Herrian eta Euskal Herritik at (Katalunia, Madril, Londres, Milan…) eta estudioko 5 diska (Maite dugu, 2007; Herriaren oihua, 2008; Borrokatu eta irabazi, 2010; Hitzetik, 2011; Hegalak Astinduz, 2014) eta zuzeneko CD/DVD bat (Hemen eta orain, 2013) kaleratu ditugu. Ezin geldirik egon.

Hesian taldea zortzi partaidek osatzen dugu eta momentu honatan, “Hegalak Astinduz” biraren baitan murgildurik gaude, edozein areto, plaza, jaialdi… astintzeko prest!
Zuzenekoetan elkar ikusiko dugu! Egurre!!

LEHEN URRATSAK

2006ko udaberrian ekin genion proiektu honi Etxarriko entsegu lokal batean Etxebe (bateria), Xabi Seko (baxua) eta Franek (gitarra eta ahotsa). Beste talde batzuetan egotearen esperientzia eduki arren, edozein talde hasiberri bezala, bertsioak egiten hasi ginen: Rancid, Blink 192, No use for a name, Bouncing souls… ondo funtzionatzen genuela ikusita proiektu serioago batean pentsatzen hasi ginen, honi kutsu bereziren bat ematearen asmoarekin. Neska ahotsa erabili eta hura mutil ahotsarekin nahastea pentsatu genuen, hauek eskaintzen zuten melodia jokoak punk-rock oinarrien gainean ezarriz. Amets sartu zen taldean. Hortik aste batzuetara, soinuari indar gehiago emateko helburuarekin, bigarren gitarra bat hartu genuen: Erik. Hesian taldearen lehenengo formazioa osatua zegoen. Uda horretan gure lehenengo abestia konposatu eta grabatu genuen (“Maite dugu”, “Musikaz Sakana indartuz” bildumarako) eta gure lehenengo kontzertua eskaini Etxarriko gaztetxean.

Urte amaieran “Euskal Herriak Autodeterminazioa” abestia grabatu genuen, izen bera zeraman kanpainarako. Horren harira, haize sekzioa gehitu zen taldera: Eneko tronpetarekin, Igotxo saxoarekin eta Buton tronboiarekin. Denborarekin, euren papera handituz joan da, egituraren atal garrantzitsuenetariko bat bihurtu arte.

2007ko Ekainean gure lehen diska grabatu genuen Iruñeako K estudioan: “Maite dugu”. Lehen diska hau gure kabuz ekoiztu eta banatu genuen EHko txoko ezberdinetatik.

Gure abestiek (lehenengo diska honetan eta guztietan), egunerokotasunean bizitzen ditugun gaiak jorratzen dituzte: Euskal Herriko gatazka politikoa, gai sozialak (emakumearen egoera, pobrezia…), maitasuna, buru-hausteak… Gure errealitatean ikusten duguna islatzen saiatzen gara.

2007-2010

“Maite dugu” diska atera aurretik 10 kontzertu inguru eman genituen, Sakanatik batez ere. Ordutik aurrera eta 2009ko geldialdia arte 115 kontzertu eskaini genituen. Gehienak Euskal lurraldeetan izan arren, Katalunya nahiz estatu espainiarretik ere kontzertu batzuk
eskaini genituen. Denbora tarte horretan, 2008ko Lezoko Gazte topaguneko abestia egiteko ohorea izan genuen (“Zeru gorriko egunak”), horrek ate asko zabaldu zizkigularik. Urte bereko Urrian, “Herriaren oihua” gure bigarren lana kaleratu genuen GOR disketxearekin. Diska honek edukitako harrera ezin hobeak gure bidea sendotu eta gure eragina asko zabaldu zituen.

2009ko atsedenaren ondoren eta formazio berriarekin (Karlos tromboian -2008tik-, Mireia ahotsean eta Xabi gitarran), 2010eko Ekainean gure hirugarren diska kaleratu genuen, “Borrokatu eta Irabazi”. Lanaren izenburua taldearen ibilbidearen isla dela esan dezakegu, oztopo ugari aurkitu arren beti aurrera egitea lortu baitugu. Diska honek ere harrera bikaina jaso zuen eta udara horretan (2010) astebururo jo ta fuego aritu ginen kontzertuak ematen, bai Euskal Herrian baita Katalunyan ere. Zoritxarrez ordea, taldearen barruan berregituraketa txiki bat egitera behartuak ikusi ginen eta ondorioz, kontzertuak ere alde batera uztera. Lau urtetan hiru diska kaleratu eta ia 150 kontzertu eman ondoren, arnasa hartzeko garaia zen. Burua hotz mantenduz, etorkizunari hortzak erakusteko garaia.

2011-GAUR

Iraila erdialderako argi geneukan aurrera jarraitu behar genuela. Zuriñek eta Txamusek, Mireiak eta Karlosek utzitako lekua hartu zuten eta buru belarri ekin genion lanari. Inoiz baino indar handiagoa sumatzen genuen gure baitan, inoiz baino hobeto sentitzen ginen. Ordutik aurrera, laugarren diska kaleratu arte, ikaragarrizko lana egin genuen:

Urtarrilean AEBtako Boiseko ikastolarentzat “Bihotzetik mundura” abestia grabatu genuen; Otsailean gure lehen bideoklipa grabatu genuen “Ezin ahaztu” abestiaren gainean; Martxoan Independentistak sarearentzat “Olatu berdea” abestia grabatu genuen; 2011ko Urtarriletik Urria arte, 30 kontzertutik gora eskaini genituen, eta guzti hori gutxi balitz, 6 hilabetetan 11 abesti berri konposatu eta abuztuan gure laugarren diska grabatu genuen, “Hitzetik”.

Oihuka-Elkar konpainiarekin kaleratutako diska hark 11 abesti ditu (”Bihotzetik Mundura” eta “Olatu berdea” barne) eta bere izenburua “Hitzetik” da, gure musika hitzetik datorrelako. Hitzari berebiziko garrantzia ematen diogu abestiak egiterako orduan, musika komunikatzeko tresna bezala ulertzen dugulako eta gure letrekin aurrean zaudetenoi zeozer sentiarazi nahi dizuegulako. Gure asmoa betetzea zinez espero dugu!

“Hitzetik” diskak, gure diska batek inoiz jaso izan duen harrerarik onena jaso zuen, eta hori salmentetan zein kontzertuetan argi nabaritu dugu: Durangoko azokan “agortuta” kartela zintzilikatu behar izan genuen, eta zuzenekoetan jendeak hasiera-hasieratik abestu ta dantzatzen zituen abesti berriak. Gutxi izan dira 2012an lagunekin pasatu ahal izan ditugun asteburuak, eta hori ez da seinale txarra!

2013ko martxoan gure bosgarren diska kaleratu genuen, zuzenekoa hauxe. “Hesian zuzenean. Hemen eta orain” izenburupean, Gernika eta Barakaldoko kontzertuetako grabazioak barnebildu genituen CD-DVD batean (26 abesti osotara). Horrez gain, DVDari “Hesian biluzten” izeneko dokumentala ere gehitu genion. Diska honek emandako bultzadari esker, 2013an 2012ko muga guztiak apurtu genituen zuzenekotan, orain arteko ibilbide honen urte oparoena bezala definitu dezakegularik. Donostiko Kursaal aretoa jendez lepo egon zen, kontzertu berezi bezain ahaztezin hartan… Bitartean, Iker bilbotarrak Xabiren lekua hartu zuen gitarjole lanetan. Durangoko azokan, aleak agortuta berriro ere.

2014. urtean bira alde batera utzi eta geure buruak lokalean giltzaperatzea erabaki genuen. Lehen aldiz gure ibilbidean, gure indar guztiak abesti berriak sortzen utzi genituen. “Hegalak Astinduz” (Baga-Biga, 2014ko Urria) du izenburu inoiz egin dugun lanik helduenak, osoenak, sakonenak eta ederrenak.
Hegaldia hasi da… EGURRE!!