1 | Olaia |
HAITZAMA Taldea hasiera batetan gehienbat ezkontza eta erromeria txikietan parte hartzen hasi ginen, laukote moduan. Hasieratik taldekideen asmoa jendeak dantza egin araztea zela argi genuen, kantuen hautaketa eta moldaketa helburu horretara bideratu zirelarik. Horrela hasi ginen plazarik plaza Euskalerria osoan zehar bidaiatzen.
Honela, “Hatoz gugana“ izeneko maketa grabatu genuen, Anabel Montero kantari zela. Lau kantu zeuden bertan, alaitasunez eta jaiarako gogoz beteak: “Hatoz gugana”, “Euskal jaiak”, “Badator udaberria” eta “Oihana”. Hainbat irratitan zabaldu eta ezagutzera eman genuen, eta egun oraindik bakarren batetan entzun daitezke doinu haiek.
Urte pare bat beranduago, Anabelen ordez Mikel Leibar sartu zen kantari bezala eta taldeari beste norabide eta beste dimentsio bat eman zion: hortik aurrera lehen baino oraindik dantzaldi jator eta potenteagoak eskaintzen hasi ginen. Jendeak hain gustoko zituen bikoteentzako dantzei eta euskal dantzei reggae, ska eta rock´n´roll erritmoak gehituz. Honela denboraldi batzuk egin genituen, gero eta dantzaldi gehiagotan parte hartzen.
Beranduago, trikitixa ere gehitu zitzaigun taldera eta horrek eman zion azken ukitua HAITZAMA taldearen gaur egungo soinuari.
Honela, zientoka dantzalditan jo ondoren azken urteotan dantzarako kantu alai eta jostagarriak gero eta urriagoak zirela sumatu genuen, eta gure ekarpena egiteko asmotan, Mikel kantak idazten buru-belarri jarri zen. Hainbat kantutik egokienak hautatu eta estudiora sartu ginen, kantuek barreiatzen zuten alaitasuna ahalik eta hobekien isladatu nahian. Honela sortu zen “Eguzkiaren zain”.