Esne Beltza taldea 2007. urtean sortu zuten Fermin Muguruza kantariarekin aritutako zenbait musikarik, tartean Xabier Solano trikitilariak (Etzakit, The Solanos, Lau Itzal) eta Zigor Lampre disko jartzaileak (Selektah Kolektiboa). Reggae, rock, pop, hip hop, cumbia eta ska doinuak nahasten ditu Esne Beltzak, Negu Gorriak-ek, Muguruzak berak edota Mano Negrak jorratutako ildo beretik. Lau disko argitaratu ditu, azkena Gora! izenekoa (5GORA, 2013).
1 | Ardiherria | Esne Beltza | |
2 | Astindu | Esne beltza | |
3 | Bagoaz! (Korrika 18) | Esne Beltza | |
4 | Bozgorailuetatik | Esne beltza | |
5 | EHZ Herrira 2012 Lipdub | Esne beltza | |
6 | Euskaraz bizi nahi dut Erriberan | Esne beltza | |
7 | Ez da ezetz | Esne beltza | |
8 | Geroari begira (Araba euskaraz 2016) | Esne Beltza | |
9 | Gogoak | Esne beltza | |
10 | Gogoak (bideoklipa) | Esne Beltza | |
11 | Gora Herria | Esne beltza | |
12 | Harresiaren kunbia | Esne beltza | |
13 | Hommes et femmes de couleur | Esne beltza | |
14 | Hona bostekoa | Esne beltza | |
15 | Inpernuko | Esne beltza | |
16 | Inpernuko & Pasodoble | Esne Beltza | |
17 | Jalgi! (Herri Urrats 2016) | Esne beltza | |
18 | Lokarriak | Esne Beltza | |
19 | Nafar erreinua | Esne Beltza | |
20 | Nahi dut | Esne beltza | |
21 | No tinc remei | Esne Beltza | |
22 | Noa | Esne beltza | |
23 | Pasodoble | Esne beltza | |
24 | Pasodoble (Donostian) | Esne Beltza | |
25 | Sonidero | Esne beltza | |
26 | Sortzen | Esne beltza | |
27 | Sueños de color | Esne Beltza | |
28 | Urretxuko euskaraz bizi nahi dut flashmob | Esne beltza | |
29 | Zapato azule | Esne beltza | |
30 | Zapato azule 2013 | Esne Beltza | |
31 | Mundu berri baten mapa | Esne Beltza & Ze Esatek! | |
32 | Vull viure en català | Esne Beltza / La Pegatina | |
33 | Quien manda | Esne beltza [feat. Fermin Muguruza & Mala Rodríguez | |
34 | Presoen aldeko lipdupa | Esne beltza eta Ume gaiztuak | |
35 | Baltxakua | Esne zopak | |
36 | Esnesaltzalearena | Esne zopak |
Fermin Muguruzak eta bere taldeak, Afro-Basque Fire Brigadek, 2007. urtean egindako mundu biran mamitu zen Esne Beltzaren proiektua. Xabier Solanok (ahotsa eta eskusoinua), Jon Elizaldek (tronboia), Aritz Lonbidek (tronpeta) eta Zigor Lampre DZ-k (dj) rocka, reggaea, ska, soula, kunbia, trikitixa eta bestelako doinuak bere egingo lituzkeen talde berri bat sortzea erabaki zuten. Muguruzak berak proposatu zien egitasmoari Esne Beltza izena jartzea, musikari zuriek egindako musika beltzaren metafora gisa.
Sergio Ordoñezek (ahotsa eta guiroa; Joxe Ripiau, Patxuko Nice), Jon Mari Beasainek (gitarra; Etzakit, Mal de Ojo), Pello Gorrotxategik (teklatuak; Izotz), Iban Zugarramurdik (bateria; Baldin Bada, Su Ta Gar, Fjord) eta Aitor Zabaletak (baxua; Etzakit, Izotz) osatu zuten taldea. Horrez gain, Jon Garmendia “Txuria” da hamargarren taldekidea, kantuen hitzak idazteaz arduratzen baita.
Kantuak egiteari ekin zioten eta kontzertuak ematen hasi baino lehen argitaratu zuten lehen diskoa, Made in Euskal Herria (Gaztelupeko Hotsak, 2008). Taldearen ildo nagusiak jasotzen ditu Xabi Pery soinu teknikariarekin (Itoiz) grabatutako disko horrek: musika estiloen aniztasuna, kultura ezberdinetako gonbidatu ugarien presentzia –hortaz, euskaraz gain beste hainbat hizkuntza entzuten dira Esne Beltzaren kantuetan–, eta maitasun eta salaketa hitzak. Hainbat lagunek kolaboratu zuten diskoan: Fermin Muguruza, Sorkun, Fernando Gimeno (Kuraia, El Corazón de Sapo), Moro (Bad Sound System), Stephanie Wallace jamaikarra, Kyou Sakurai japoniarra…
Disko hark ez zuen berebiziko oihartzunik izan, baina geroztik taldearen onarpenak gora egin du diskotik diskora. Noa (Baga-Biga, 2010) hainbat herrialdetan grabatu zuten (Beirut, Jamaika, Japonia, Bartzelona, Euskal Herrian), tokian tokiko kolaboratzaileekin (Cinderella jamaikarra, Ousmane senegaldarra, Flavio eta Rude italiarrak, Yage japoniarra, Johnny el Bola boliviarra, Berri Txarrak-eko Gorka Urbizu, militiabeirut talde libanoarra…). 17 kantuen artean, Kilometroak 2010 jairako egindako “Hona bostekoa” kantua zegoen.
Lehen bi diskoen artean, Esne Zopak proiektu paraleloa sortu zuten Solanok, Lamprek eta Beasainek, trikitilari zaharren memoria gordetzeko. Oraingoz disko bakarra kaleratu dute, Esnesailtzailearena (Gaztelupeko Hotsak, 2009).
Hurrengo lana, Freedom 3 kolpetan (Baga-Biga, 2011), CD eta DVDa izan zen. Diskoak kantu berriak, remixak, riddims-ak eta kantu zaharren bertsio berriak jasotzen ditu —“Nahi dut” izenekoak oihartzun handia izan zuen—, eta ohi bezala, hainbat kolaboratzailek hartu zuten parte. DVDak berriz, Japonian (Fuji Rock jaialdian), Durangon eta Donostian emandako hiru kontzertuen irudiak biltzen ditu.
2013. urteko Korrikaren amaieran eskaini zuen Esne Beltzak Freedom 3 kolpetan aurkezteko azken kontzertua, eta jarraian taldekideetako batzuk –Solano, Lampre, Elizalde, Lonbide eta Iban Zugarramurdi– Fermin Muguruza eta Kontrakantxaren No More Tourbiran murgildu ziren. Martxotik abuztura bitartean 55 kontzertu eman zituzten mundu osoan zehar, baina hala ere, denbora hartu zuten kontzertuen arteko tarteetan Esne Beltzaren kantu berriak sortzeko. Horrela, irailean estudioan sartu ziren Gora! diskoa grabatzera.
Disko honetan beste kide bat gehitu zen taldera, Oier Zeberio saxofoi jotzailea, eta berriz ere kolaboratzaile ugari izan zituzten (Mala Rodriguez, Malena d’Alessio, La Canija, Jeff Robredo, Ras Daniel Ray, Adrià Salas, Fermin Muguruza bera…), baina taldeak soinua berritzeko ahalegin berezia egin zuen estudioan. Horrez gain, autoekoizpenaren aldeko urratsa eman zuen, 5Gora zigilua sortuz.
2014ko otsailean hasi zuten Gora! zuzenean aurkezteko bira. Taldean bi aldaketa gertatu ziren: Sergio Ordoñezek eta Aritz Lonbidek taldea utzi zuten —Ordoñezek Patxuko Nice taldea gidatzen du— eta haien ordez, hurrenez hurren, Gorka Suaia (Kodigo Norte, Suaia eta Lahaine) eta Arkaitz Sistiaga sartu ziren. Haatik, bira amaitu ostean taldea uztea erabaki zuten biek, eta 2015ko apirilean, GoraGo Tour birarako beste bi taldekide berrik osatu zuten Esne Beltza: Pini abeslaria (Bad Sound System) eta Aitor Valcarlos tronpeta jotzailea (Skakeitan, Hesian).
Azken bost urteotan ehunka kontzertu eskaini ditu Esne Beltzak, horietako batzuk Galizian, Katalunian, Japonian eta Alemanian, eta Euskal Herriko jaialdi jendetsuetan jo du, Euskal Herrian Zuzenean eta BECatu kasu.
Bestalde, Gazta zati bat (Jon Maia, 2012) filmeko soinu banda egin zuten Xabier Solanok eta Zigor Lamprek.
Testua: Jon Eskisabel
Taldekideak
- Xabi Solano: ahotsa eta trikitia
- Sergio Ordoñez (Patxuko): ahotsa
- Jon Mari Beasain: gitarra eta panderoa
- Aitor Zabaleta: baxua
- Pello Gorrotxategi: teklatua eta koruak
- D.Z. (DJ Zigor): D.J.
- Iban Zugarramurdi: bateria
- Haritz Lonbide: tronpeta
- Jon Elizalde: tronboia
- Jon Garmendia ‘Txuria’: hitzak
Diskografia
- Made In Euskal Herria (Gaztelupeko Hotsak, 2008)
- Noa (Baga Biga, 2010)
- 3 Kolpetan, (Baga Biga, 2011)
- Goraǃ (2013)
- Esna (2015)