Bide luzea Ternuarat (TADUSAK)

Loading

Bide luzea Ternuarat (TADUSAK)

Kontxatik doa untzia,
han konpainia guzia,
Ternuarat badoazi
zerbait nahiz irabazi.

Bide luze Ternuarat,
itsasoa zabal harat,
ubirik ez pasatzeko,
marinelen salbatzeko.

Itsasoaren gainean,
untzi tzar baten menean,
marinelak arriskuan
Herioaren eskuan.

Haize largoz badoazi,
zabalerat irabazi
itsasoan barna urrun,
begiz ezin ikus Larrun.

Han jotzen ditu kontristak
mendebal haize tenpestak
denbora gaiztoa sartzen,
gabiko biak erortzen.

Zeru guzia isuri,
babazuza eta euri,
marinelak trenpatuak,
hotz handiak arrolduak.

Bela guziak harturik,
belatxoa anekaturik,
untzia badoa segiz
itsasoa handiegiz.

Gau beltzean ilunbean
untzia tormentapean,
aparailua desegin,
ilunez deus ezin egin.

Elementak badarontsa,
itsasoak abarrotsa,
haize tenpesta uxia da
itsasoan maskarada.

Marinelak harrituak
tronpen jotzen unatuak,
gabetu indar guziez
etsitu bere biziez.

Urakanaren furia
ifernuko iduria,
Satan beltzak darabila
untzien galtzen dabila.

Uhainek untzia joka,
gora-behera saltoka,
eta branka pulunpaka,
kostadua arrolaka.

Uhin baten bizkarrean
bi uhinen hondarrean
tirabira darabila,
untziak agertzen gila.

Bere mastak galdu ditu,
untzia motz da gelditu,
itsasoak hautsi lema,
trebes galtzerat darama.

Uhin hautsiak gainetik
iragaten trebesetik,
marinelak erorika
untzi askan igerika.

Gaineko zubia hautsi,
ura tilaperat jautsi,
tilapean ura gora,
untzia doa hondora.

Marinelak biluziak,
luzatu nahiz biziak,
uhinpean igerika
untzi puskei atxikika.

Marinelaren bentura
itsasoan sepultura,
sekulako bere fina,
etxerako berriz mina.

(1798. urtean jasota, egile ezezaguna)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*