Hertzainak
Euskarazko rocka ulertzeko, ezinbesteko taldea da Hertzainak. Beste asko bezala, taldekideak bidean egin ziren musikari, eta nabaritu zen taldearen garapenean, hasierako punk erritmo britainiarretatik rock giro klasikoetara, eta tartean ska erritmoak eta folk kutsuko melodiak jorratuz. Diskografia oparoa utzi zuen (sei disko eta hainbat single eta EP), eta oraindik ere entzuten dira haren kantuak. 1981eko Urtezaharrean jo zuen aurreneko aldiz, eta azken emanaldia 1993ko urriaren 30ean eskaini zuen.