
KHERAU
- 2010
- Folka
1 | Amama | |
2 | Arin in dantza | |
3 | El Rossinyol | |
4 | Hator hator | |
5 | Nevada | |
6 | Txakolin barri | |
7 | zortzi nobio |
Zenbat buru hainbat aburu dio esaera zaharrak. Eta hala da: euskaldunok berezko gaitasuna dugu nork bere iritziari eutsita eztabaidatzen jarduteko, talkarako. Hori horrela, noiz eta zelan hasi ginen baino, KhERAU Bizkaiko honako bost lagun hauek osatzen dugula esatea dugu egokien lehenengo berbetarako:
Gaizka Andollo: kajoia, djembea eta perkusioak;
Aitor Esteban Etxebarria: baxu elektrikoa eta bertsoak;
Iker Lope de Bergara: ahotsa, txirulak eta albokak;
Ibon Ordoñez: ahotsa, gitarra, bouzouki eta mandolina;
Alex Garcia: ahotsa eta trikia;
Adiskidetasunaz gain, abiarazten gaituen lehengaia gutariko edonoren kanta berria zein tradiziozko abestia izan daiteke. Edozein dela ere, lehengai horri geure nortasuna ematen ikasi dugulakoan gaude. Kajoiak, baxuak eta bouzouki irlandarrak osatzen duten zimendu erritmiko sendoan dautzatelarik, flauten eta trikiaren melodiak garatzen dira ahots eta landutako koruekin batera. Melodia zaharretatik zein sortu berrietatik abiaturik, gure kantei interpretazio garaikidea ematen saiatzen gatzaizkie: tradizioa eta originaltasunaren arteko erdibidea bilatuz.
Bilaketa horretan, mugarri bi ezarri ditugu: joan den 2010. urtean irten ginen mundura ortozik (Munduan Ortozik, Baga-Biga, 2010), gure aurrekoek jorratutako hainbat bidetatik. Orduan bertan, ibilera berria asmatzea geneukan helburu nagusi. 2014an ostera, bide estrata berriak topatu nahian, baso trinko, abaro gozo eta aurreikusi ezin genituen lantzarrak deskubritzen gabiltza.
AUKHERA (Gaua Records, 2014) erditze kolektiboa duzu. Odoltsua, mingorra, luzea. Hesteetatik idatzitako akordeak, ekiaren egusentiari begirako hausnarrak, eta taberna-zulo giroko elkarrizketa-pasarteak. Esku-hartzea behar izan duena eta arrakalak sortu dituena. Alea jaso orduko, entzule, dakizula zornea garbitu diegula gure zauriei, baina orbanak lekuko, ez gara lehengo berberak.