Zu han ez bazina (Iker Goenaga)
Eguberritan zaigu urtea zahartu
Menditik da elurra kalera ausartu
Zuk ere behar zenuke guganaino hartu
Kartzela ospel hartan zintuztena sartu
Tiriki tauki taki
Mailuaren hotsa
Horma guztien kontra
Mailuka bihotza
Itxitako urteak adarra du luze
Aspaldi frogatua zaude urtez urte
Lekutara gugandik urrundu zaituzte
Zuganako bidea tapatzeko elurte
Tiriki tauki taki
Mailuka bihotza
Zu handik gu hemendik
Aho biko trontza
Urteak esaten du bizion adina
Kartzelak nor den bere herriaren dina
Libre nahi dugula da gauza jakina
Nola libre izango zu han ez bazina
Tiriki tauki taki
Bihotzaren hotsa
Geroak urtuko du
Oraingo izotza